Ikastola
Umandi ikastola 1974 sortu zen. Urte haietan, oso aukera gutxi zegoen euskaraz umeak eskolatzeko eta Gasteiztar talde batek proiektu hau martxan ipini zuen. Hauen artean guraso talde bat zegoen eta baita babesleak ere. Kontuan izan behar da frankismoaren azken urteak zirela.
“Umandi”izena jarri zitzaion ikastolari. Andoni Karmelo Urrestarazu araiarraren ezizena zen eta Arabar euskaltzale ezaguna.
Helburua bikoitza zen, alde batetik umeek euskaraz ikastea eta bestetik pedagogia aurrerakoiaren bitartez umeak eskolatzea. Biak uztarturik zeuden.
Hasieran, gela ziztrin batean egon ondoren, Jose Lejarreta kalean etxetxo bat alokatu zen. 1976-77 ikasturtean bi gela zeuden 2 eta 3 urteko umeekin eta hurrengo ikasturtean 4 gela izatera iritsi ginen 2, 3 eta 4 urteko umeak zeudelarik eta 4 irakasle. Ikasturte honetan, beste pertsona bat hasten da lanean, gizarte laguntzailea, mota askotako laguntza emateko zereginekin.
Hasiera gogorrak izan ziren, baliabide eskasak, finantziazio eza eta zailtasunak alde guztietatik. Ilusioa ikaragarria zen eta gurasoen eta babesleen kuoten bitartez poliki-poliki aurrera egin genuen. Kontuan hartzekoa da, hasierako urte haietan bertan geunden irakasleek denetarik egiten genuela: autobuseko garraioa, gurasoentzako euskarazko klaseak, baliabideen kudeaketa etab….
Badaude bitxikeri batzuk urte haietakoak eta bat aipatzekotan honako hau: Jose Lejarretako etxetxoak, atzealdean baratza zuen eta ikastolako jolastokia bihurtu genuen baina guk baratza deitzen jarraitu genion. Umandiko ikasleek urte askotan, Lakuako gaur egungo eraikuntzan geundenean ere, baratza deitzen zioten jolastokiari bere izena hori izango balitz bezala. Askotan entzun izan dugu: Noiz joango gara baratzera?. Irakasle berriak etortzen hasi zirenean ikastolara, ez zuten ulertzen nondik zetorren izena baina noski bazuen bere azalpena.
Ikastola kudeatzeko Batzorde (“Junta” deitzen genion) bat zegoen, astero biltzen zena eta gurasoak, irakasleak eta babesleak parte hartzen zuten bertan. Denetarik eztabaidatzen zen: ekonomiaren egoera, irakasleen soldatak eta lan baldintzak, ikastolarako beharrezko baliabideak, eginbeharreko hobekuntzak, pedagogia, ikastolaren etorkizuna, etab…. Behin baino gehiagotan, eztabaida luzeak, tira-birak eta desadostasunak ere egoten ziren urte haietan, baina azkenean denon artean aurrera egiten genuen eta horrela, ondorengo urteetan, Umandiko proiektua
gorpuzten joan zen.
Ez genuen tokirik izena ematen zuten ikasleak hartzeko eta beste etxetxo bat alokatu genuen Estibaliz etorbidean eta ondoren beste bat Jose Lejarretan eta hala ere baldintza desegokietan geunden: gelak eta jolastokiak oso txikiak, beste ekintzetarako espaziorik gabe,….
Guzti horri gehitu behar zitzaion, ikastolak ez zuela
baimenik Oinarrizko Hezkuntza emateko eta Laudio ikastolaren bitartez bideratu behar genituen ikasleen kartilak, aktak etab… Garai bereziak!
Gure ikastolak, hasieratik, publikoa izan nahi zuela
aldarrikatu zuen, nahiz eta hasierako urte haietan ezinezkoa izan. Horrela, harremanetan ipini ginen Hezkuntza arduradunekin eta asko borrokatu ondoren, azkenean lortu genuen Lakua-Arriagako eskola batean jarraitzea gure proiektuarekin. Hain zuzen, gaur egun Aita Orbiso dagoen eskolan. Alde batetik genituen etxetxoak uztea pena eman zigun baina bestetik leku egokia izatea beharrezkoa genuen aurrera egiteko.
Baina ez ziren hor amaitu gure ibilbideak, handik gutxira eskola publikoa ireki zuten bertan eta denboraldi batean, berriro ere, konpartitu behar izan genuen eraikuntza eta eskolako sotoan egon ginen. Hezkuntza arduradunekin hainbat tira bira izan ondoren, azkenean lortu zen gaur egun gauden eraikuntza ikastolarentzat izatea. Hori dena 1980 eta 1982 urteetan gertatu zen.
Ilusioz eta arazoz beteriko urte guzti horietaz luzez hitz genezake baina badaude bi gauza ahaztu ezinak. Alde batetik gurasoen parte hartzea eta egoera txarrenetan ere bere seme alabak bertan eskolatu izana eta bestetik irakasleen boluntarismoa: askotan hileko soldata jasotzeko arazoekin eta amaigabeko lan orduekin. Gurasoak kontratatu behar zituzten irakasleak eta guzti honek egoera konplexuak eta zailak sortzen zituen eta egonezinak ere une batzuetan.
1994an Umandi ikastola, beste ikastola batzuk bezala,
publikoa izatea pasatu zen. Urte horretan, 3 urtetik 14 bitarteko ikasleak zeuden eta gero LOGSEren ezarpenarekin 12 urte arte eskolatzen hasi ginen, ondoren Koldo Mitxelena Bigarren Hezkuntzako ikastetxea izanik gure ibilbidea. Orain dela bi ikasturte 2 urteko umeak eskolatzen hasi ginen berriro.
Urtez-urte ikastola handitzen joan da, ikusi besterik ez dago. 1977 urtean 4 irakasle baginen eta 70 bat ikasle, gaur egun, 2007an ia 50 irakasle eta ez irakasle gaude lanean eta ia 598 ikasle. DENA ESANDA DAGO.
Ibilbide luze honetan, pertsona asko egon dira inplikatuta Umandi ikastolako proiektuan. Ezin dira izenak aipatu, amaigabea izango litzateke. Mila esker hasierako bultzada eman zenioten guztioi: guraso, babesle, ikasle eta irakasle. Mila esker gaur egun ere, posible egiten duzuenei ikastolako egunerokotasuna eta proiektua.